
13 Mar Marquet eta Fuentes garaile Añorgako lehen duatloian
Gaur goizean Añorgako lehen duatloiarekin hitzordua izan dute duatletek Añorga Kirol eta Klub Elkarteak ospatzen ari den mendeurreneko ekitaldien barruan
Proban arestian aipatzen genuen bezala, Añorgako futbol-zelaia (Donostia) izan du erdigune, eta 80 kirolari inguru elkartu dira irteera-lerroan.
Emakumezkoetan 10 emakumek egin diete aurre 5 kilometroko oinezko lasterketari, 20 kilometroko bizikleta-ibilbideari eta 2,5 kilometroko oinezko lasterketari. Olatz Marquet (Atletico San Sebastian) izan da azkarrena, eta talde bereko Libe Lafuente ondoren. Podiumeko hirugarren mailan Olaia Jauregik bukatu du (Añorga K.K.E.). Añorga K.K.E. talde anfitrioiak garaipena lortu du taldekako sailkapenean.
Gizonezkoetan Urko Herran (Lea La Blanca) eta Gonzalo Fuentesen (Alusigma Peñota Hortz Portugaletekoa) arteko norgehiagoka espero zen. Gasteiztarra izan da lehen trantsizioan sartzen azkarrena, Gonzalo Fuentes atzetik zuela, baina bizikletako lehen kilometroetan bizikeltako gurpilean zulaketa baten ondorioz lasterketa utzi behar izan du.
Gauzak horrela, Gonzalo Fuentes azkarrena izan da helmugan, Aitor Reguillaga (Amantarri T.T.) eta Jon Trigueros (Yepa T.K.) atzetik zituela. Kluben sailkapenari dagokionez, hemen ere klub anfitrioia izan da azkarrena.
Nahiz eta goiza euri jasarekin esnatu den eta horrek bizikletaz egindako ibilbidearen zailtasuna gehitzen zuen, azkenean euria eten egin da irteera ordurako eta ez da ezbehar larririk gertatu. Antolaketa ona eta probaren organigrama osatu duten erakundeekin batera egindako lana direla eta, gaur goizean Añorgara hurbildu direnek ikuskizun atsegina izan dute trantsizioen munduan.
Oñatiko Duatloia egutegiko hurrengo proba
Duatloiak ez du Gipuzkoa utziko eta kirolariek indarrak neurtzeko aukera berri bat izango dute Oñatiko Duatloian, martxoaren 19an, larunbata. Aurten esprint distantzian egingo da proba eta izen emateak martxoaren 14ra arte egongo dira zabalik, 23: 59ean.