10 Mar ASTEBURU HONETAN OÑATIN EUSKAL HERRIKO DUATLOI ZIRKUITUKO SEIGARREN PROBA
OÑATIKO XXIV. DUATLOIA
2015/03/14
Larunbata honetan, martxoak 14, arratsaldeko 16etan emakumezkoen kategorian eta 16,15etan gizonezkoetan, gipuzkoako Oñati herrian, duatloia ospatuko da, Oñatiko Triatloi Taldea, Gipuzkoako Triatloi Federazioa eta Euskadiko Triatloi Federazioaren eskutik. Hogeitalau urte distantzia motzean izan ondoren, aurten lehenengo aldiz sprint (5,2km-22,7km-2,6km) distantzian lastertuko da, duatloi honen hogeitalaugarren edizioa izango delarik. Denboraldi honetako Euskal Herriko zirkuituko seigarren proba puntuagarria izango da.
Irteera eta helmuga, baita boxeak ere, Foruen Enparantzan kokatuko dira, udaletxearen aurrean. Proba, lehen atalean, 5,2kmtako oinezko lasterketaz osatuko da, herrian zeharreko ibilbideari bi itzuli eginez, eta hirugarren atala, 2,6kmtakoa, ibilbide berari itzuli bat emanez. Bi atal hauen artean, bizikleta saioa bete beharko dute, 11,4kmtakoa herri barneko ibilbide bati bi itzuli eman beharko dizkiote, Oñatiti erdikaldetik hasi eta Zubillaga auzora joango dira, eta itzuleran Lamiategitik bueltan iritsiko dira plazara.